Familiak berebiziko garrantzia du eguneroko jardueretarako, mugitzeko, jateko, garbitzeko… laguntasuna behar duten adinduen zaintzan; senitartekoek, alabaina, afektu-, emozio- eta harreman-loturak ere eskaintzen dituzte, eta horiek ezinbestekoak dira nagusiaren ongizatean.
Lotura horiek, laguntza natural hori, estres-eragile fisiko eta mentalei aurre egiteko tresnak dira, indar handia ematen baitute. Gizarte-harremanen kopuruak eta kalitateak, ez senitartekoenak bakarrik, baita adiskide, ezagun eta abarrenak ere, on egiten diote adinduari, eta osasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen diote.
Familiak, beraz, ez du zaintza hori alde batera utzi behar adindua zentroan sartzen denean. Egoera bestelakoa izango da, jakina, eta beraz, zaintza-mota ere aldatu egingo da. Gu arduratuko gara adindua zaindu eta eguneroko jardueretan laguntasuna emateaz; laguntza afektiboa eta emozionala ere emango diogu, bai eta arreta soziosanitarioa eta psikosoziala ere. Familiaren euskarri afektiboa, ordea, ezin du beste inork eman. Egoitzan sartzea familiaren zaintza eta harremana osatuko duen beste alderdietako bat da.
Badira adindua zentroren batean sartzen duten familiei buruzko gezurrezko estereotipo batzuk, eta aurre egin behar diegu; hala nola:
- Ez da egia zentroan sartu ondoren adinduarentzat familiak garrantzia galtzen duela.
- Ez da egia zentroetako profesionalak familien ordezko direla.
- Ez da egia senitartekoek aiton-amonak abandonatu egiten dituztela zentroren batean sartzean.
Erabiltzaile guztiak, hots egoiliar guztiak, familia eta guzti sartzen dira gure zentroetan; familia bera ere murgildu eta egokitu egiten da zentroaren bizitzan. Oso garrantzitsua da pertsona horien familia-harremanen berri izatea. Familiak adinduarekin batera hartu behar du parte zentroaren egunerokotasunean.
|